miércoles, 9 de marzo de 2016

ZUHAITZ EGUNAREN KRONIKA

EUES


ZUHAITZ EGUNA


Otsailak 28 eta Munduko Zuhaitz Eguna ospatzeko nahian, Eguzkitza partzelan geldituta geunden Aranzadi Elkartearekin. Baina eguraldia ez zen geure alde jarri eta alerta laranjak eta horiak ateraldia atzeratzeko behartu gintuzten. Izan ere, deialdian martxoak 6ra atzeratzeko aukera aztertzen genuen.
Eta martxoak 6a iritsi eta txingorra eta euria gogotik ari zuen. Hala ere, ia ia apuntatuta geunden 30 familia Oletako atean elkartu ginen, katiuskak, aterkiak eta zirak soinean baina zalantza handiekin ea landatuko genuena hotzeria izango zen. Ausarta hutsak!!


Hasiera batean, eta kontutan izanda 11etarako “hobekuntza” iragarrita zegoela
kiroldegira abiatu ginen. Hurrengo iganderako eguna aldatzea ez zen posible, Tolosako txotxongilo museorako bisita antolatuta genuelako eta. Beraz egun hori besterik ez genuen. Zorionez, 10,30etarako atertu egin zuen, eta belardirantz abiatu ginen eguraldiak utziko zigun zuhaitz guztiak landatzeko asmoarekin. Bidetik geure txikiek primeran pasa zuten putzutik putzura saltoka!


“Eguzkitzan” (lehen ezagunagoa zen “Campo de las Pistolas” Aranzadiko Yoana eta Maialen zeuden geure zain. Ia ia prest zeukaten dena: zuloak markatzen zituzten hesola jarrita, aitzurrak, zuhaitzak, eskularruak etab. Eguzki-izpi lotsatien azpian. Zuhaitza landaketari buruzko azalpena eta erakustaldi praktikoa eman ziguten. Espezie ugari ere ekarri ziguten: arteak, hurritzak, gereziondoak, lizarrak, haritzak, urkiak… Beraz, hazi egingo direnean belardi zoragarriaz gozatu ahal izango dugu!


Eta ekintzari hasiera eman genion, lokatzean aitzurtzen. Familia bakoitzak zuhaitza eta lekua aukeratu zuen.

Batzuek “altxor / mezu” bat lurperatu zuten sustraien artean. Lurra hain bustita zegoenez lan dezente eman zigun baina okerrena izan zen gero lokatza katiusketatik kentzea, lurra zapaldu behar baitzen geure zuhaitzak haztea nahi izanez gero.



Txikiak pozez zoratzen, noski! Animatuenok zuhaitz gehiago landatu genuen. Batzuek satorra gisa 5 zuhaitz ere landatu zituzten! Azkenean eta nahiz eta euria berragertu 50 zuhaitz landatu ahal izan genituen.





10-15 urteetan belardira joan ahal izango dugu askaltzera eta behin batean geure txikiekin landatutako zuhaitzek emango digute itzala.


Eskerrik asko denoi!

Hurrengo igandea, martxoak 13, Tolosako Topic Museoan ikusiko dugu elkar. Ordura arte!!














No hay comentarios:

Publicar un comentario