miércoles, 29 de enero de 2020

Olentzerorekin Amets egiten / Soñando con Olentzero 2019/12/15

EUES




KRONIKA OLENTZEROREKIN AMETS EGITEN 2019/12/15


Oraingoan Gipuzkoatik atera ginen eta Nafarroako iparraldera jo genuen, Bertizaranara hain zuzen ere, geure Olentzero maitea ikusteko

Bertizarana, historia izugarria duen toki paregabea da. Ezagutzen dugun lehenengo onibarra 1392 urtekoa da, Pedro Miguel Bertiz nagusi. Eta belaunez belaun pasa zen XIX. Mendera arte non familiaz aldatu zen. On Pedro Ciga eta Dorotea Fernández andrea senar-emazteak izan ziren jaurerriaren azken nagusiak eta testamentuan Nafarroako Foru Gobernuari uztea erabaki zuten haren natura-ezaugarriak mantentzeko baldintzarekin. 1984. Urtean Bertiz natura-parkea izendatu egin zen.

Gaur egun, barruti babestua da, non 2000 hektareako pagadi mistoak zein fauna eta flora anitza, errekatxo eta ur jauzi txikiak aurki ditzakegun. Aipatutakoari esker Natura 2000 Sarean kokatu da, Europa Batasunaren kontserbazio-barruti berezi moduan.

Eta ingurune aparta honetan izugarrizko eguzkitsu egun batez gozatu genuen geure txikiekin. Goizean goiz, ibilaldian eta trikitixarekin lagunduta abestuko genituen gabon-kantak saioak egin genituen. Aulki-jolasean ere aritu ziren gure txikiak eta aulkia hartzen ez zuenari zartagin bateko ikatzarekin markatzen zioten aurpegia. Gure ikazkin magikoa bezala!!



Eta azkenik kaleratu ginen, askok gainera baserritarraz jantzita. Lehenengo geltokia eraikin berdineko atzealdean izan zen. Gabon-kanta abestu genuen eta etxeko andreak eman zigun harrera intxaur, ur eta gozokiz (urtexaz) betetako saski batekin, txikiek, antolatzaileek emandako kraft paperezko poltsatxoetan gorde zituztenak.

Saskia hustu egin zenean ibilbideari jarraitu genion hurrengo baserrira iritsi arte. Bertan beste etxekoandre batek gogorarazi zien geure txikiei eta baita helduei ere. Hirugarren eta laugarren baserrietan ere dinamika berdinarekin jarraitu genuen. Bukatutakoan poltsatxoak lehertzeko zorian genituen!



Bidetik ardi, antxume eta zaldiak ere izan genituen lagun.

Askaldegira iritsi ginenean izugarri hamaiketako gozoa genuen gure zain: olibak, patatak, edari ezberdinak eta gazta zein txokolate talo egin berriak.


Tripotxa bete betea genuela, Olentzerorekin geratuta ginen tokiraino falta zitzaizkigun azken metroetara ekin genien. Puntu-puntuan iritsi ginen eta oraindik izan genuen aukera gure ikazkina, agurtzen gintuen bitartean, menditik jaisten ikusteko. Benetan une hunkigarria! Geure txiki guztiek hurbildu nahi izan zuten berarekin hitz egiteko, eskutitza eman ahal izateko eta baita argazki bat atera ahal izateko. Beraz, ilara osatu eta zintzo, zintzo txanda itxaron zuten. Bukatutakoan Olentzerorekin abestu eta dantzatu egin genuen etxera bueltatu behar izan zuen arte, bertan Mari Domingi zain zuen eta.


Denak poz pozik, askaldegira bueltatu ginen. Batzuk bertan gelditu ginen bazkaltzen eta belardiaz gozatu genuen, eguzkiz, pozaz eta magiaz betetako egunari amaiera eman baino lehenago. Bakarrik falta zitzaigun Donostiara bueltatzea, denok urduri eta ilusioz beteta, Olentzero etxera noiz iritsiko zain.


Eskerrik asko denoi!!