domingo, 21 de abril de 2024

EUES

Txangoa, eguraldi txarra zela eta, aste batzuk atzeratu ondoren, pasa den igandean, apirilaren 14an, gure ibilbidea egin ahal izan genuen. Egia esan zein erabaki ona izan zen data aldatzea, eguraldi bikaina izan genuen eta!. 
 
 9: 45ean Herrerako Topoaren geltokiaren aurrean dagoen parkean elkartu ginen, eta izena eman genuen guztiok geundela egiaztatu ondoren, ibilbidea hasi genuen. Bidebieta auzotik sartu eta Salvador Allende parkearen ondoan bide bat hartu genuen, eta handik mendira igotzen hasi ginen. Txikienek berriro ere harritu gintuzten beren kemen eta abileziarekin, igoera ez baitzen erraza.
Herri Ametsa ikastolaren ondoan dagoen urmaelera iritsi ginen, eta atsedenalditxo bat hartu genuen arnasa berreskuratu eta ura hartzeko. Putzuan igelen bat ikusi ahal izan genuen. Ondoren, Ulia mendiko ibilbiderik ezagunen hartu genuen, marka zuri eta gorridun GR-121a. Ibilbide honek Pasaia Donostiako Gros auzoarekin lotzen du. Platako Itsasargiraino joan ginen. Bidean, paisaiaz eta Uliako itsaslabarrez gozatu ahal izan genuen. Akueduktuen eta tunelen aztarnak ere ikusi genituen, XIX. mendean iturrietako ura Donostiaraino eramateko funtzioa zutenak; eta XX. mendean Pasaiako portuaren beharrak asetzen zituztenak. Gaur egun, haren hondakin ikusgarriak baino ezin ditugu ikusi. Almirantearen Iturrian (edo Ingelesaren Iturria ere deitua) geldialditxo bat egin genuen.
Erritmo onean eta aurreikusitako ordua baino askoz lehenago, La Platako Itsasargiaren azpian kokatua dagoen Pasaiako Portuko Begiratoki Bokalera iritsi ginen. Itsasargia, duela urte batzuetatik, bisitak egiteko itxita dagonez, ezin izan ginen barrutik ezagutzeko hurbildu. Baina Gipuzkoako kostaldeak eskaintzen dizkigun ikuspegi ikusgarriez bai gozatu ahal izan genuela: Jaizkibel mendiko labar ikusgarriaz baita Pasaiako porturako sarrera harrigarriaz. Zein ederra den natura bere distira basatian! Bertan, hamaiketakoa hartzeko aprobetxatu genuen, bazkaltzeko oraindik oso goiz baitzen. Egia esan, ez genuen umeek bide hau hain azkar burutzea espero. Baina emaitza ikusita, haurrak lagunekin mendian oso ondo ibiltzen direla ondoriozta dezakegu. Beraz, gurasoentzako gomendioa… Anima zaitezte zuen seme-alaben lagunekin denbora librea pasatzera!
Indarrak berreskuratu genituenean, San Pedrora, Puntetara generamatzan bidetik, jaistea erabaki genuen. Eskailera asko dituen bidea da, Senokozuluko itsasargi txikiaren ondotik igarotzen dena.
San Pedroko Puntetako errepidea hartuko genuen motorren kaira iritsi arte. Hemen amaitzen zen, ofizialki, gure txangoa. Baina familia askok San Pedroko frontoira bazkaltzera joatea erabaki genuen. . 
 
  Frontoian egun zoragarri hontako ia arratsalde erdia igaro genuen, txikiek zein helduok jolasten gelditu gabe. . 
 
  Egundoko oparia izan zen, primeran pasatu genuen eta Krakoletaren hurrengo irteera iristeko irrikan gaude!!

lunes, 12 de febrero de 2024

Azaroa 19 Noviembre Ulia Mendia - Monte Ulia

EUES

Pasa den azaroaren 19an gure eskolako mendizaleak Ulia mendira buelta bat ematera joan ginen. Goizeko 9:30ean Harri Berri ondoko bus geltokian hitzordua jarria genuen. Bertan elkartu ondoren Grosera jaitsi ginen autobusez, Nafarroa etorbideko gasolindegiraino. Hantxe gainontzeko guztiekin elkartu eta argazki bateratu atera ondoren, abenturari ekin genion. Gasolindegi atzetik abiatu ginen eskailetatik gora GR-121 bide ospetsutik, aurrerago, ordea, marka txuri-berdeak jarraitu genituen. Hasiera gogora izan bazen ere,aldapa eta eskailera gogorrak baitziren, berotuta eta arnas esteka baina gogoz aurrera jo genuen. Txikienek, hori bai sasoia, indarrez eta gogoz jo zuten aurrera mendi korrikalarien gisan.
Inguruaz gozatzeko parada izan genuen (Donostia ederra baita eta, nola ez, Uliako kostaldea). Mendi bideak ezagutzen ikasi genuen, ustezko errotaren eta bale atailaren berri izan genituen. Landarediaren eta animalien ezagutzak jaso genituen. Animaliak ezin izan genituen bertatik ikusi baina Uliako interpretazio zentroan aukera izan genuen.
Ordu beteko ibilbidearen ostean Uliako interpretazio gunera jo genuen, bertako egurrezko parkearen gertu dagoena. Benetan merezi duen tokia da, natura eta Uliaren historiaren inguruko informazioa mordoa du, gutxi balitz, umeen gozamerako prestatu dago. Hantxe bertan hegaztien bizileku eta transbordearen inguruko historia ikasi genuen eta, gainera bertako areneroan jolasean. Interpretazio guneak berak altxorren bila jolas dibertigarria antolatu zuen. Mezu sekretua argitu eta gero, saria jaso genuen!!
Indarrak berreskuratu ostean, bueltarako bidea hartzeko garaia iritsi zen. Aparkalekuraino jaitsi ginen eta goizeko bidetik jarraitu genuen. Gasolindegira iritsitakoan, amaitu genuen ikasturteko Krakoletaren aurreneko irteera. Eguraldia lagun izan genuen eta ederki gozatu genuen elkarren artean. Gora mendizaleak!!!