martes, 15 de marzo de 2016

TOPIC MUSEOA

EUES


CRÓNICA TOPIC TOLOSA KRONIKA

Martxoak 13an, hotz pixka batekin baina azkenean eguzkiarekin, apuntatuta geunden ia ia 40 familiak Herrerako Tren Geltokian elkartu ginen Tolosako Topic museora joateko 9,30ak inguru. Guztira 140 lagun, gehienok billetea eskuetan. Itxaroten ginen bitartean Mariak zigiluak jartzeko aprobetxatu zuen eta berehala trena iritsi eta bi bagoi erraz bete genituen Anoetaraino iristeko (segituan pasa zitzaigun ordu erdiko bidaia).

Behin iritsita, trenetik jaitsi, bidegorria hartu eta pabiloiak eta ibaiaren ondotik Tolosarainoko bideari ekin genion. Bidetik, antzarak, oiloak, ardiak… ikusi genituen. 4 km-ko bidea azkar xamar egin genuen, 6 urtekoek ohituta gaituzten bezala gutaz tiraka. Ibaia urez gainezka zegoen pasatako asteko euria zela eta. Ondoko Mendietan berriz, elurra!

11ak emateko zirela Topic Museoa kokatzen den enparantzara heldu ginen. Bertan kotxean joan zirenekin elkartu ginen.


11,15etan 4-6 urte bitarteko txikiak txotxongilo tailerrera sartu ziren Mariarekin, monitorea, eta Aitor eta Ainhoarekin laguntzaileak bezala. Ordu berdinean lehenengo gidatutako bisitarako bi taldeak sartu ziren. Egia esateko ez genuen espero hainbeste talde egin behar izatea baina izen ematearen ondorioz sortutako zenbait arazoengatik ezin izan genuen besterik egin denok sartu ahal izateko. Azkenean, tailerak, familiak eta bisitak…… sudoku hutsa.
Geure bisita Auditoriumean hasten zen, eserleku koloretsuz inguratuak eta Rakel-ek (oso gida jatorra, egia esateko) museoa 2009an ireki zela azaldu zigun. Bizitza osoa geure txiki batzuentzat! Beste batzuk oraindik ez ziren jaio oraindik! Topic-en 1800 txotxongilo daude baina azpimarratu ziguten behin eta berriro ez dela bakarrik museo bat, baizik eta txotxongilolariei zuzendutako sortze-zentroa. Horrezaz gain Titirijai Jaialdia kudeatzen du (40 edizio baino gehiago bete dituena) eta munduko erreferentzi-puntua arlo honetan ere izendatuta dagoela.

Lehenengo solairura igota hasi ginen kristal baten atzetik gure zain zeuden 5 kontinenteko txotxongiloak ikusten. Handik ere King Kong-en bista zoragarria genuen. Metro dezenteko gorila, tolosarra baten mozorroa izan zena eta urtero asmatzen duena mozorro bat gero Frontoi tabernako paretan zintzilikatuta erakusteko. Urte horretan bera King Kong-ek mantentzen zuen neska ilehoria zen bera. Kristorena benetan!
Gorilaren ondoan, Mariona ezagutu genuen, Topic-en maskota politta eta jatorra. Eta pixka bat aurrerantzean egurats gorrian Txotxongiloen zahartze-prozesua aztertzen duen esperimentua erakutsi ziguten. 3 txotxongilo soka batez zintzilikatuta eta egurats zabalean uztean datza. Sortzaileei bidaltzen dizkiete argazkiak noizean behin haiek ikusteko nola doan asuntoa eta konparatzeko Arizona, Ciudad Del Cabo eta Londresekin non saiatzen ari diren ere.
Gortina gorri baten atzetik Museorako sarrera. Bertan Marionak eman zigun harrera eta pasahitza! “Tolosamolamásdesdequesehahechoestacasadetiteresquevaisavisitar”. Ate baten atzetik Pinotxo agertu eta desagertu egiten zen. Egia esateko txotxongiloen mundua… Magikoa da!
Lehenengo gelan mundu osoko txotxongiloak ikusteko aukera izan genuen: Txina, India, Afrika, Indonesia, Europa, Amerika, Australia…
Eta tamaina anitzekoak, ttiki ttikiak, oilar jatuntxo esaterako, handi handiak, etxe bat bezalakoak, itzelak, hari eta hagaxkakoak eta material anitzekoak ere. Eta txotxongilo guzti hauek Topic-en bizi dira.

Biltegian munduan zehar erabiltzen diren ia ia pertsonai guztiak ikusteko aukera izan genuen. Erregetza, animaliak, gudariak, sorginak, maitagarriak, jakintsuak (ia denak bizarrarekin) pailazoak eta bufoiak, deabruak…
Hortik sortzaileen gelara igaro ginen non mundu osoko txotxongilolari elkartzen diren haien saioak antolatzeko. Geure artista txikiak ere ausartu egin ziren txotxongiloak hartzeko eta antzerkitxo bat egiten, Haiek jolastu eta ondo pasatzen zuten bitartean helduok ikuskizunen kartelak ikusteko aprobetxatu genuen.

Bertan ere Mariona zegoen. Rakelek aipatu zigunez munduan 5 Mariona daude. Bat sarreran, King Kong-en ondoa, beste bat Museoko sarreran, geunde gelakoa, Mariona bidaiaria (munduak zehar ibiltzen dena) eta bostgarrena eskolen arteko txapelketa batean sortu zuen umearen etxean. Geure Krakoleta bezala, Oletako ume bati zor baitiogu Mendi-taldearen izena.

Txinatar itzelak ikusi genituen, (Txinatik datozenak, noski) Handiena ikusita geure txikitxo batek uste izan zuen “Shadow” deitzen zela! Baina ez!! “Shadow”-ek “Itzela” esan nahi du ingelesez!
Baita hagazko txotxongiloak ere non printzesa txinatarra den erakusketaren gustukoena, tximino saltokariarekin batera. Afrikarrak ere erakargarriak aurkitu zituzten.

Ondoan, eskuko txotxongiloak “Kolorin” pertsonaia buruan eta bisita bukatzear zegoenean harizkoak… ikaragarriak benetan. Batzuk oso sinpleak dira, besteak berriz 80 harietatik tira behar da “nahastu gabe”!!
Beste teknika batzuk ere aipatu ziguten: Vietnamekoak , esaterako eta urezko txotxongiloak deitutakoak. Denak oso oso polittak eta bakarrak.

Eta bukatzeko izugarrizko liburutegitik pasa ginen non dena magikoa ematen duen eta liburuek txotxongiloen istorioak gordetzen dituzten.
Gehienoi motza egin zigun bisita bat, txikiei zuzenduta baina oso interesgarria edozein adinakoentzat.

Ateratzean txikiek, txotxongilo eskuetan ateratzen ziren, oso oso pozik eta 7-12 urte bitarteko lagunekin topatzen, azken hauek sartu behar baitziren.
12,15etan 2.txandakoak bisitan ere. Tailerrean geure artista txikiek hagaxka-txotxongilo zoragarriak egin zituzten, monitorea, Angela eta Mikelen laguntzarekin. Bitartean tailerrean okupatuta zeukaten familiek zer edo zer hartzeko aprobetxatu zuten.

13,15etan bi tailerretan parte hartu zuten umeen familiak sartu ziren.

Denok bukatutakoan, eta geldituta geunden bezala, ia ia gehienok San Frantzisko kalearen ondoan dagoen izugarrizko soka-parkean elkartu ginen. Bertan eguzkitan bazkaldu ahal izan genuen eta ondoan zegoen tabernan (hainbeste jende ikusita pozaren pozez zeudela)kafetxoa ere hartu genuen. Txikientzat ere parke estalita beraz…. Bakarrik falta zaigu horrelako bat lortzea Altzarako!

Lanbroa, ohiko kidea Tolosan (horregatik Gipuzkoako txizontzia edo Mordor deitzen zaio) agertu zen eta hezetasuna eta hotza nabarmenagoak egin ziren. Hori bai, umeek ez zuten ezer sumatzen hainbeste korrika eta jolasekin.
Txikien talde argazkia egin genuen denak soketan igota eta beste bat gurasoena. Baten batek ia ia kaskezurra hautsi egin zuen baina azkenean, soken kalitate-kontrolari esker, hainbeste pisu eutsi zituztela, azkenean onik atera ginen denok.

Asunen motxila galduta bilatzen genuen bitartean eta zerua beltz beltza jartzen ari zela ikusita, gehienok trenaren ordutegia aurreratzea erabaki genuen eta geltokirantz abiatu ginen.
Bidaia, berriz ere, ziztu bizian egin genuen. Txikiak leher eginda eta bai haiek zein gu ere poz pozik egun zoragarri horren ondoren. Herreran bakoitzak haren bidea hartu eta txangoa amaitutzat eman genuen.

Geure aldetik primerako Aste Santuko oporrak opa nahi dizuegu eta hurrengoan ikusiko dugu elkar: Apirilak 24ean Astitzeko Mendukilo Kobazuloak ikustera joango gara. Bertan ikusiko mendizaleok!
Ordura arte, oso oso ondo pasa eta mila esker denei!










No hay comentarios:

Publicar un comentario