martes, 4 de mayo de 2021

ametzagaina

EUES


                                               



AMETZAGAINA PARKEA

 

Kaixo!

 

Zer moduz zaudete? Molinaotik eta Urgull menditik gomendatutako ibilaldiak egin dituzue? Gogoratu zuen txangoen argazkiak bidaltzea! Ekainean erakusketa bat egingo dugu ikastetxean, eta parte hartzen duen familia bakoitzak sari bat izango du!

 

Hilabete honetan parke batetik paseatzera gonbidatzen zaituztegu. Ziur denok dakigula non dagoen, baina denok ez dugu ondo ezagutzen. Altza inguruko altxor bat, Ametzagaina parkea.

 

 


 72 hektareako parkea Ametzagaina mendiaren gainean dago eta bere tontorrean izen bereko gotorleku zaharraren aztarnak aurkituko ditugu. Hemendik ikusiko dugun baso honetako zuhaitzen artean, haritzak eta ametzak nabarmentzen dira, eta hemendik dator eremuaren izena. Parkea, gaur egun ezagutzen dugun bezala, "Lur paisajistek” diseinatu zuten eta Babesturiko Eremu Natural  gisa izendatu zuten. Hemen, babestuta dauden fauna espezie batzuk aurki ditzakegu, Rosalia Alpina kakalardo espeziea adibidez. Donostiako auzoak lotzen dituen ibilbide ugari daude. Bideak erosoak eta markatuta daude, bai oinez bai bizikletaz egiteko.



Krakoletatik proposatzen dugun ibilbidea Garbera merkataritza-gunearen atzeko sarreratik hasten da, autobus-geltokiaren ondoan. Hortik, bidegurutze bateraino igoko gara pixka bat, eta ezkerreko bidea hartuko dugu Uba Aterpetxeraino. Gozatu ikuspegiak eta arnastu aire garbia!




Uba Aterpetxea udal aterpetxea da eta Donostiako Udalaren informazioaren arabera, aterpe alternatiboa da, berdea, iraunkorra eta ekoeraginkorra. Aterpetxearen ondoan mahai batzuk daude, behar baduzue, atseden har dezakezue.

 

 



       Parkera berriro sartu baino lehen, ezkerreko bidea hartu eta Uba ermitara joan gaitezke. Nahiz eta lehenengo erreferentziak XIV. mendekoak izan, toki honetako jabearen abizena (Hua, garai hartan) mende bat lehenagotik dokumentatua dago.


           

 


XVII. eta XVIII. mendeko baserriak (Laskiñene, Garrostegi eta Ubegi) bidetik utzita, Ubako erreformatorio zaharrera iritsiko gara. Ubako Andre Mariaren ermitaren aztarnen gainean eraiki zen, eta gaur egun fatxada eta albo bat baino ez dira mantentzen. Kaperan, berriz, Ama Birjinaren irudia mantentzen da. Toki honetan, Pazkoa egunez, erromeria bat ospatzen da. Gaur arte irritsi da, Ubako Ama Birjinak haurren loaldi onean laguntzen duelaren sinismena. 2010ean Donostiako gotzainak eta Eliza Ortodoxoko gotzainak itun bat sinatu zuten eta gaur egun ermita bi erlijioek partekatzen dute.

 



Ubako aterpetxera itzuli eta Ametzagainako parkean sartuko gara. Ezkerretara hartu eta eskuinetara banbuzko baso handi bat utzita begiratokira iritsiko gara. Hemendik, Donostia eta kostaldeko ikuspegi zoragarriaz goza dezakegu.


 




Hirira begira, gure atzean egurrezko eskailera batzuk daude, mendian gora garamatzatenak. Hortik igoko gara, eta horrela Ametzagainako gotorlekura iritsiko gara. XIX. mendean bi gotorleku eraiki ziren, lehenengo eta bigarren Guda Karlistetan. Gaur egun bisita ditzakegun aztarnak bigarrenekoak dira, 1875ean eraikita eta Donostia aintzinako defentsa-lerroan 1891ra arte erabilean egon zena. Inguruan lubaki bat dago, baina arrapalan dagoen pasabide estu batetik sar gaitezke.

 





Gotorlekua utzi eta txangoarekin aurrera jarraituko dugu. Ezkerretara bainu publiko bat utzi eta parkeko merenderora hurbilduko gara. Hemen atseden har dezakegu, zerbait jan eta haurrek hemen kokatzen den haur-parkeaz goza dezakete. Aurrerago, osasun-zirkuitu bat ere badugu. Anima zaitezte instalazioetan gimnasia egitera!

 




Bidearen beste aldera krater ezagun eta zabal bat aurkitzen dugu, non indusketa batean duela 22 mila eta 27 mila urte bitarteko pieza batzuk aurkitu ziren, balio handiko historiaurreko aztarna.

  


  

Gure bidera itzuliko gara eta beherantz jarraituz parkeko irteerara irritsiko gara, sartu garen leku berdinera, Garberako sarrera. Hemen amaituko dugu txangoa.

 

Hemen duzue ibilbidea: https://es.wikiloc.com/rutas-senderismo/parque-de-ametzagaina-69419174

 

Gogoratu oinetako egokiak, ura eta jateko zerbait eramatea. Kontrolatu eguraldia, eta, behar izanez gero, eraman zira.

Ez utzi hondakinak mendian!

 

Era berean, garrantzitsua da Eusko Jaurlaritzaren arauak betetzea Covid-19ren aurkako jardunari buruz (musukoak, talde mugatuak, distantzia, etab.).

 

Ibilbidea Altzako Historia Mintegiaren (AHM) laguntzarekin prestatu dugu, eta eskerrak eman nahi dizkiegu.

 

Gozatu txangoan eta datorren hilabetera arte!




 


No hay comentarios:

Publicar un comentario