lunes, 9 de marzo de 2015

ADARRA KRONIKA.1 Marzo 2015

EUES



Zerua lainotuta baina euririk gabe esnatu ginen. Ostiraletik whatsappa sutan ea bisita baieztatzen genuen ala ez, baina ausarta hutsak garenez aurrera!! Eguraldia oraingoan ere portatu egin zen eta ez genuen ezta aterkia ireki behar izanik. Tren geltokira joateko talde txiki bat eskolan elkartu zen. Beste batzuk berriz geltokira hurbildu ginen geure kabuz eta bertan bildu ginen 50 bat lagun




Trena etortzen zen bitartean ticketak ateratzeko eta txartelak zigilatzeko aprobetxatu genuen. Trena puntu puntuan etorri zen eta geure txikiak irrikan jada abentura hastear baitzegoen..





20 minututan Urnietan geunden. Ondoko parkingean “alferrenak” (txantxetan, eh!) gure zain. Azkenean talde polita osatu genuen 107 mendizale, 48 heldu eta geure txikiak. Batzuk gainera berriak beraz poz pozik!!. Espero dugu txangoa gustatu izana berriz errepikatzeko!.







Bertan ere, agurtzen ginen bitartean falta ziren txartelak zigilatu eta gaztandegirako bidea hartu genuen. Lehenengo txanpa, hilerriren ondotik pasatzen dena, aldapatsu aldapatsua baina ttipi ttapa berehala iritsi ginen gora. Hortik aurrera liso lisoa iruditu zitzaigun! Batzuk aulkietan eta motxiletan, beste batzuk praka bustita xirripan irristatuak eta txikienak motoan baina denok gora. Zenbait txiki buruan jarri ziren eta segituan Adarrazpi Gaztandegira heldu ginen..






Bertan Mikel artzaina eta Xabier gaztagilea eta arduraduna. Denok elkartuta ondoko zelaira eraman gintuzten non ardiak jaten ari ziren eta Argi txakurra aurkeztu ziguten. Benetako protagonista! Ardiekin egiten duen lana erakutsi zigun. 40 ardi inguruko multzoa elkartu eta agindu gutxiekin berak nahi zuen lekura eramateko gai zela erakutsi zigun.





Azkenean geure parean jarri zituen eta minutu batzuk pasata gora eraman zituen berriz. Primerako lana! Txalo bero bat jaso zuen Argik!.






Gero Mikelek gaztandegian 400 bat ardi zeudela esan zigun. Ardiek bakarrik dute esnea arkumeak izaten dituztenean beraz txandaka ernaldu behar dituzte (intseminazio artifizialaren bidez) urtean zehar esnea izateko. Ardi latxek 1,5-3 litro egunean ematen dute. Bi aldiz jetzi egiten dituzte Argik hozkada txikiak emanez bultzatuta: goizeko zazpietan eta arratsaldeko zazpietan gutxi gora behera.

Argi bezalako txakurrak, 10 urtekoa jadanik, ardiak zaintzeko hezituta daude eta funtsezkoak dira baserriko eguneroko bizitzan. Haren izugarrizko lana ikusi eta gero ukuilura hurbildu ginen non ardien multzo handia zegoen. Geure agertzeak urduritu zituen eta bee egiten zuten eten gabe.




Minutu batzuk pasata mamia eta gazta egiten irakatsi ziguten. Denok prozesua ikusi ahal izateko belar-zamak kokatuta zeuden eta ardien beeka izugarrizkoak ziren arren Inmak primeran azaldu zigun dena eta txikiak ederki eta erne egon ziren.

Mamia egiteko: esnea egosi egin behar da, erre ez dadin komeni da Maria bainuan egitea. Epela egongo denean gatz-apurra eta legar ttantta batzuk gehitu eta mugitu gabe hoztu egin behar da. “Egile-sukaldaritza” zaleentzat kakao, kafea, etab. gehitu daiteke.

Gazta 31 graduko esne gordinarekin egiten da. Legarra gehitzen da eta gazura askatzen duen heinean pixkanaka eragiten zaio. Orduan 36 gradutara igo eta prentsatu egiten da ahalik eta gazura gehien aska dezan. Gero ontzietan sartzen da zapi batekin (erne! zapiaren markak izanez gero gazta artisaua da, A zein trikimailu!). 24 ordu pasata eta Idiazabalgo labea ezarrita gatzunetan (ura eta gatza) jartzen dira. Hortik 10 gradutara programatutako hozteko-kamarara pasatzen dira non 2 hilabetetan zehar mantendu egingo diren. Denbora horretan gaztak likidoa galtzen du eta Idiazabal Jatorrizko deitura duen gazta zoragarrian bihurtzen da.

Prozesua zehaztasunez eta oso modu errazan eta praktikoan azaldu ziguten.
Ikasi eta gero 20 laguneko taldeak osatu genituen gaztandegia eta baserria barrutik hobeto ikus ahal izateko.

Aipatzeko ere nola pasa zuten geure txikiek ukuilua. Batzuk lastoarekin jolasean edota ardiei jateko ematen, besteak berriz saltoka…





Lehenengo geldialdi jezte gela non ardiak hemezortzika sartzen diren haiek bakarrik eta bakoitza bere lekuan.

Beste gaztandegietan ez bezala Adarrazpin ez zaie ematen janaririk jezten ari zaienean. Hasiera batean ardiei pixka bat kosta egin zitzaien ohitura hartzea baina orain bakarrik sartzen dira eta jeneralean orden berdinean. Prozesuak bi minutu baino ez du irauten. Titiordeak programatuta daude eta arkumeen xurgatze-erritmoa berberan lan egiten dute. Bukatuta, ardiak txintxo txintxo ukuilura bueltatzen dira. Esnea herdoilgaitza den ontzi batera desbideratzen da non hoztu egingo den.

Bigarren txanpa, gaztandegia. Bertan esnea legarrarekin nahasten den ontziak ikusi genituen, prentsa, gesala non gatza botatzen den eta gazta mantentzen den hozteko-kamera. Benetan interesgarria gehienbat eskala txikian nola egiten den ikusi eta gero.



Eta bukatzeko izugarrizko dastatzea! Gazta pintxo (bokata tamainakoa), gazta-krema pintxo eta mamia. Edateko sagardo eta ura. Zein hamaiketako gozoa!! Eta helduok, batez ere, hartzen genuen bitartean txikiek kanpoan belarra eta putzuekin jolasteko eta animaliak ikusteko aprobetxatu zuten. Hau da, bakoitza bere kabuz.


Bertako produktuak erosteko aukera ere izan genuen (gazta, esnea, mamia, gazta- krema…) eta nahiz eta pixka bat berandu (batzuk alde egin zuten jadanik) talde argazkia atera genuen.
Horrela bukatu zen geure txango. Batzuk Adarretik gelditu ziren merendero batzuetan (oso idei ona) eta beste batzuk Urnietarako bidea berriz hartu eta etxera. Parkingean agurrak, batzuk kotxea bertan zeukaten eta.

Primerako eguna bai lagunengatik baita ikasi genuenagatik ere, helduok zein haurrek.




Hurrengoa Apirilak 19an San Markoseko Gotorlekura… Historia eta geografia pixka bat ikasi beharko dugu. Bertan ikusiko!!