martes, 4 de mayo de 2021

ametzagaina

EUES


                                               



AMETZAGAINA PARKEA

 

Kaixo!

 

Zer moduz zaudete? Molinaotik eta Urgull menditik gomendatutako ibilaldiak egin dituzue? Gogoratu zuen txangoen argazkiak bidaltzea! Ekainean erakusketa bat egingo dugu ikastetxean, eta parte hartzen duen familia bakoitzak sari bat izango du!

 

Hilabete honetan parke batetik paseatzera gonbidatzen zaituztegu. Ziur denok dakigula non dagoen, baina denok ez dugu ondo ezagutzen. Altza inguruko altxor bat, Ametzagaina parkea.

 

 


 72 hektareako parkea Ametzagaina mendiaren gainean dago eta bere tontorrean izen bereko gotorleku zaharraren aztarnak aurkituko ditugu. Hemendik ikusiko dugun baso honetako zuhaitzen artean, haritzak eta ametzak nabarmentzen dira, eta hemendik dator eremuaren izena. Parkea, gaur egun ezagutzen dugun bezala, "Lur paisajistek” diseinatu zuten eta Babesturiko Eremu Natural  gisa izendatu zuten. Hemen, babestuta dauden fauna espezie batzuk aurki ditzakegu, Rosalia Alpina kakalardo espeziea adibidez. Donostiako auzoak lotzen dituen ibilbide ugari daude. Bideak erosoak eta markatuta daude, bai oinez bai bizikletaz egiteko.



Krakoletatik proposatzen dugun ibilbidea Garbera merkataritza-gunearen atzeko sarreratik hasten da, autobus-geltokiaren ondoan. Hortik, bidegurutze bateraino igoko gara pixka bat, eta ezkerreko bidea hartuko dugu Uba Aterpetxeraino. Gozatu ikuspegiak eta arnastu aire garbia!




Uba Aterpetxea udal aterpetxea da eta Donostiako Udalaren informazioaren arabera, aterpe alternatiboa da, berdea, iraunkorra eta ekoeraginkorra. Aterpetxearen ondoan mahai batzuk daude, behar baduzue, atseden har dezakezue.

 

 



       Parkera berriro sartu baino lehen, ezkerreko bidea hartu eta Uba ermitara joan gaitezke. Nahiz eta lehenengo erreferentziak XIV. mendekoak izan, toki honetako jabearen abizena (Hua, garai hartan) mende bat lehenagotik dokumentatua dago.


           

 


XVII. eta XVIII. mendeko baserriak (Laskiñene, Garrostegi eta Ubegi) bidetik utzita, Ubako erreformatorio zaharrera iritsiko gara. Ubako Andre Mariaren ermitaren aztarnen gainean eraiki zen, eta gaur egun fatxada eta albo bat baino ez dira mantentzen. Kaperan, berriz, Ama Birjinaren irudia mantentzen da. Toki honetan, Pazkoa egunez, erromeria bat ospatzen da. Gaur arte irritsi da, Ubako Ama Birjinak haurren loaldi onean laguntzen duelaren sinismena. 2010ean Donostiako gotzainak eta Eliza Ortodoxoko gotzainak itun bat sinatu zuten eta gaur egun ermita bi erlijioek partekatzen dute.

 



Ubako aterpetxera itzuli eta Ametzagainako parkean sartuko gara. Ezkerretara hartu eta eskuinetara banbuzko baso handi bat utzita begiratokira iritsiko gara. Hemendik, Donostia eta kostaldeko ikuspegi zoragarriaz goza dezakegu.


 




Hirira begira, gure atzean egurrezko eskailera batzuk daude, mendian gora garamatzatenak. Hortik igoko gara, eta horrela Ametzagainako gotorlekura iritsiko gara. XIX. mendean bi gotorleku eraiki ziren, lehenengo eta bigarren Guda Karlistetan. Gaur egun bisita ditzakegun aztarnak bigarrenekoak dira, 1875ean eraikita eta Donostia aintzinako defentsa-lerroan 1891ra arte erabilean egon zena. Inguruan lubaki bat dago, baina arrapalan dagoen pasabide estu batetik sar gaitezke.

 





Gotorlekua utzi eta txangoarekin aurrera jarraituko dugu. Ezkerretara bainu publiko bat utzi eta parkeko merenderora hurbilduko gara. Hemen atseden har dezakegu, zerbait jan eta haurrek hemen kokatzen den haur-parkeaz goza dezakete. Aurrerago, osasun-zirkuitu bat ere badugu. Anima zaitezte instalazioetan gimnasia egitera!

 




Bidearen beste aldera krater ezagun eta zabal bat aurkitzen dugu, non indusketa batean duela 22 mila eta 27 mila urte bitarteko pieza batzuk aurkitu ziren, balio handiko historiaurreko aztarna.

  


  

Gure bidera itzuliko gara eta beherantz jarraituz parkeko irteerara irritsiko gara, sartu garen leku berdinera, Garberako sarrera. Hemen amaituko dugu txangoa.

 

Hemen duzue ibilbidea: https://es.wikiloc.com/rutas-senderismo/parque-de-ametzagaina-69419174

 

Gogoratu oinetako egokiak, ura eta jateko zerbait eramatea. Kontrolatu eguraldia, eta, behar izanez gero, eraman zira.

Ez utzi hondakinak mendian!

 

Era berean, garrantzitsua da Eusko Jaurlaritzaren arauak betetzea Covid-19ren aurkako jardunari buruz (musukoak, talde mugatuak, distantzia, etab.).

 

Ibilbidea Altzako Historia Mintegiaren (AHM) laguntzarekin prestatu dugu, eta eskerrak eman nahi dizkiegu.

 

Gozatu txangoan eta datorren hilabetera arte!




 


miércoles, 29 de enero de 2020

Olentzerorekin Amets egiten / Soñando con Olentzero 2019/12/15

EUES




KRONIKA OLENTZEROREKIN AMETS EGITEN 2019/12/15


Oraingoan Gipuzkoatik atera ginen eta Nafarroako iparraldera jo genuen, Bertizaranara hain zuzen ere, geure Olentzero maitea ikusteko

Bertizarana, historia izugarria duen toki paregabea da. Ezagutzen dugun lehenengo onibarra 1392 urtekoa da, Pedro Miguel Bertiz nagusi. Eta belaunez belaun pasa zen XIX. Mendera arte non familiaz aldatu zen. On Pedro Ciga eta Dorotea Fernández andrea senar-emazteak izan ziren jaurerriaren azken nagusiak eta testamentuan Nafarroako Foru Gobernuari uztea erabaki zuten haren natura-ezaugarriak mantentzeko baldintzarekin. 1984. Urtean Bertiz natura-parkea izendatu egin zen.

Gaur egun, barruti babestua da, non 2000 hektareako pagadi mistoak zein fauna eta flora anitza, errekatxo eta ur jauzi txikiak aurki ditzakegun. Aipatutakoari esker Natura 2000 Sarean kokatu da, Europa Batasunaren kontserbazio-barruti berezi moduan.

Eta ingurune aparta honetan izugarrizko eguzkitsu egun batez gozatu genuen geure txikiekin. Goizean goiz, ibilaldian eta trikitixarekin lagunduta abestuko genituen gabon-kantak saioak egin genituen. Aulki-jolasean ere aritu ziren gure txikiak eta aulkia hartzen ez zuenari zartagin bateko ikatzarekin markatzen zioten aurpegia. Gure ikazkin magikoa bezala!!



Eta azkenik kaleratu ginen, askok gainera baserritarraz jantzita. Lehenengo geltokia eraikin berdineko atzealdean izan zen. Gabon-kanta abestu genuen eta etxeko andreak eman zigun harrera intxaur, ur eta gozokiz (urtexaz) betetako saski batekin, txikiek, antolatzaileek emandako kraft paperezko poltsatxoetan gorde zituztenak.

Saskia hustu egin zenean ibilbideari jarraitu genion hurrengo baserrira iritsi arte. Bertan beste etxekoandre batek gogorarazi zien geure txikiei eta baita helduei ere. Hirugarren eta laugarren baserrietan ere dinamika berdinarekin jarraitu genuen. Bukatutakoan poltsatxoak lehertzeko zorian genituen!



Bidetik ardi, antxume eta zaldiak ere izan genituen lagun.

Askaldegira iritsi ginenean izugarri hamaiketako gozoa genuen gure zain: olibak, patatak, edari ezberdinak eta gazta zein txokolate talo egin berriak.


Tripotxa bete betea genuela, Olentzerorekin geratuta ginen tokiraino falta zitzaizkigun azken metroetara ekin genien. Puntu-puntuan iritsi ginen eta oraindik izan genuen aukera gure ikazkina, agurtzen gintuen bitartean, menditik jaisten ikusteko. Benetan une hunkigarria! Geure txiki guztiek hurbildu nahi izan zuten berarekin hitz egiteko, eskutitza eman ahal izateko eta baita argazki bat atera ahal izateko. Beraz, ilara osatu eta zintzo, zintzo txanda itxaron zuten. Bukatutakoan Olentzerorekin abestu eta dantzatu egin genuen etxera bueltatu behar izan zuen arte, bertan Mari Domingi zain zuen eta.


Denak poz pozik, askaldegira bueltatu ginen. Batzuk bertan gelditu ginen bazkaltzen eta belardiaz gozatu genuen, eguzkiz, pozaz eta magiaz betetako egunari amaiera eman baino lehenago. Bakarrik falta zitzaigun Donostiara bueltatzea, denok urduri eta ilusioz beteta, Olentzero etxera noiz iritsiko zain.


Eskerrik asko denoi!!





domingo, 3 de noviembre de 2019

Sarako Leizeak / Cuevas de Sara Kronika 2019/10/27

EUES




KRONIKA SARAKO LEIZEAK 2019/10/27


Ikasturte hontako lehenengo ateraldia Sarako kobazuloetara izan da. Eguraldia, primerakoa! Tenperatura atsegina eta euririk gabe bai hemen bai mugatik beste aldera.

Familia bakoitza norberaren kotxean iritsi zen ordubeteko bidaia egin eta gero. Hori bai, bide ezberdinetatik, Beratik, Urruñatik… baten bat moztuta zegoen jaialdi bat zela eta eta pixka bat kosta egin zitzaigun iristea.

Sara, administratiboki Frantziako Akitania eskualdean eta Lapurdiko euskal lurralde historikoan kokatzen den herri txiki bat da.

12,00etan geldituta ginen Sarako kobazuloen harreran, bisita 12,30tan hasteko. Zulo ugari daude Sara eta inguruetan aurkitzen den kareharrizko alimaleko mendigunean. Leizea edo Sarako Leizeak deitua den hauetariko bat bisita daiteke, duela 2 milioi urte baino gehiago zegoen egoera berdinean.

Bisita gidatuak ordubeteko, gutxi gorabehera, iraupena du. Hasteko gelatxo batera sartzeko gonbidatu gintuzten non oso bideo interesgarria ikusi genuen. Paseo birtual baten bidez, zonaldeko historia zein kobazuloaren barruan topatuko genuenaren berri eman ziguten.

Bukatutakoan benetako paseotxoari ekin genion. Atxuria mendia da Sarako kobazuloetara babesa ematen diona. Mendi-tontor buztintsua duenez ura sartzeari ekiditen dio. Hori dela eta leizea lehorra da, eta ezohiko geologia, espazio zabalak eta izugarrizko arkupea ditu. Bisitarientzat egokitutako bidea, oso erraza eta adin guztientzakoentzat, zirkularra da beraz, sartu ginen arkupetik atera ere egin genuen. Irauten duen 900 metroen zehar kobazuloak eskaintzen duen argi eta soinu jokoak erne mantendu zituen geure txikiak.


Hasi bezain pronto historiaurreko habitat ikusteko aukera izango genuen. Baina ez pentsa leizean gizakiok, soilik, babestu izan garela. Hartzek ere bertan hibernatzen zuten duela 10.000 urte baino gehiago. Izan ere, hartz erraldoi bat ikus daiteke haitzen zizelkatua. Edota gaur egun topa ditzakegun sagu-zaharren etxea ere. Batzuk hegal egiten eta beste batzuk geldirik ere ikusi genituen.

Horrezaz gain, eta leizeko hormetan, aspaldi eta itsas-maila altua zela eta sortutako itsas-fosilak ere ikusi ahal izan genituen.

Ur-sartze gutxi izateak estalaktita eta estalagmiten sortzea murrizten du. Alabaina, gours ala “putzuak” sortu dira aldapa batean nondik, ingurune karstikoetan maiz topatzen den aktibo dagoen uraren ibilera pasatzen den.

Gours-en ondoan euskal kulturari, mitologiari eta euskarari buruzko aurkezpen erakargarri txiki bat ikusita eta ibilbidearen zehar lagundu gaituen txalaparta soinuarekin amaitzen da gure bisita bi txalapartarien haitzan proiektatutako bideo batekin ere.


Kobazuloaren ondoan museo txiki bat topa dezakegu non, gaingiroki, gizakion aurre-historiatik eginiko eboluzioa erakusteaz gain, sagu-zaharren ingurunean duten eginkizuna, Joxe Migel Barandiaran, euskal historiagile eta etnologoaren bizitza eta obra eta euskal mitologia ezagutzeko hitzaurrea, mamu-sorpresa barne!

Egia esateko, ia gehienok bertan dauden hainbat mahai eta bankuetan gelditu ginen bazkaltzen. Taberna ere bazegoen non kafetxo bat hartzeko aukera izan zuen nahi izan zuen guztiek.

Parke megalitikoan ere bi hilobi-mota irudikapenak zeuden, dolmena, ehorzketa erritua irudikatzeko eta cromlech-a, errausketa erritua irudikatzeko.

Txikienek primeran pasa zuten jolasten, gaztainak eta ezkurrak biltzen eta mota askotariko zomorroak aurkitzen.


Eta dena aisia izan ez dadin, historia apur bat uzten dizuegu hobeto ulertzeko zein izan zen Euskal Herrian gertatutako “sorgin”-ehizaren hasiera. Erantzule nagusiena Pierre de Lancre izan zen.

De Lancre Euskal Herrira 1609.urtean etorritako inkisidore frantsesa izen zen. Haren iritziz “Sagar herria da, emakumeek ez dute sagarra besterik jaten, sagarra besterik edaten, estakurua edozein delarik gogotsu egiten diote kosk etenaren sagar horri, gure lehen-lehenengo aitari Jainkoaren agindua urrarazi eta debekua gaindiarazi zion sagarrari. Adamen umeak gogotsu seduzitzen dituzten Eva halako batzuk dira, eta burua biluzik bizi dira, mendien artean erabateko askatasun eta lañotasunez Eva munduko Paradisuan legez”. Hara nola Bordeleko parlamentariak konbentzitu zituen Euskal Herria sorginez eta aztiez beterik zegoela “ingelesek, eskoziarrek eta beste hainbat bidariek, hirira ardoaren bila datozenez Frantziara sartzen diren gizon beldurgarri gisa deabru-tropa ikusi izan dituztela”, argudioarekin.

Beraz, inkisidoreak, aztiak eta sorginak, Frantziara mugitzearen beldurrez baliatuta, erabaki traumatikoa hartu zuen: 60 pertsona baino gehiago suan erretzera zigortu zituzten, horietako batzuk umeak oraindik, eta horrela Frantzia “euskal arrisku”tik aske gelditu zen.


Hurrengoa, Abenduak 15ean izango da Bertiz ezagutzeko eta Olentzerori eskutitzak eman ahal izateko.

Bertan ikusiko mendizaleok!!